Sapere Aude Sinfonietta
Sapere Aude Sinfonietta
Georgy Vasilenko
Fernando Velázquez
-Violin Concerto in E minor, Op.64 [ 25´] Felix Mendelssohn (1803-1847)
-Allegro molto appassionato
-Andante
-Allegro molto vivace
-Symphony Nr.35 “Haffner” [22´] W. A. Mozart (1756-1791)
-Allegro con spirito
-Andante
-Menuetto
-Finale (Presto)
Felix Mendelssohn konpositore alemaniarraren azken orkestra lan handia da biolinerako Op.64. kontzertu hau. Eta biolin errepertorioan ezinbesteko erreferentzia izateaz gain, ezagunenetakoa eta historian zehar gehien jo direnetakoa ere bada. Ferdinand David txikitako laguna zuen Mendelssohnek eta harentzako idatzi zuen kontzertua; are gehiago, lagunaren ekarpenak ezinbestekoak izan ziren konposizioan. Sei urte pasa ziren Mendelssohnek lehenengo zirriborroak idatzi zituenetik 1845an estreinatu zuen arte. Hala, lan hau erromantizismoko kontzertu landuenetakoa eta eragin handiena izan dutenetakoa da. Berezitasun nabarmenak ditu: solistaren zuzeneko sarrera, eta mugimenduen arteko aldaketak attacan egitea (etenaldirik gabe).
35. sinfonia (K385) berriz, 1782ko udan idatzi zuen Mozartek, urte batzuk lehenago idatzitako serenata batean oinarrituta (250 KV). Hainbat mugimendu kendu zituen, eta txirulak eta klarineteak gehitu. Baina Sigismund Haffner izeneko Vienako lagunari eskainitako lan hau ez da jatorrizko lanaren moldaketa hutsa: Mozartek obra independente bat sortu zuen eta abiapuntua izan zen gainera, azken sinfoniekin lortuko zuen orekaren bidean, gustu ona eta kontrapuntu egitura uztartzeko bidean alegia.
GEORGY VASILENKO
Siberiako Novosibirsk hirian jaio zen, eta 5 urte zituela hasi zituen musika ikasketak Gazte Talentudunentzako Eskola Berezian. 1989tik aurrera Novosibirskeko Kontserbatorioan aritu zen eta 1995etik San Petersburgoko Rimsky-Korsakov Goi Mailako Konsterbatorian. 1998an graduatu zen, azterketa nazionalean kalifikazio gorenak lortuta. Ordurako lehen biolin postua eskuratua zuen San Petesburgoko Orkestra Filarmonikoan, 1997an. Nazioarteko sariak jaso ditu urteotan, ganbera-musikan nahiz bakarlari gisa. 2000 urtean Madrilgo Orkestra Sinfonikoan sartu zen eta gaur egun, Espainiako Orkestra Nazionaleko kidea da.
FERNANDO VELÁZQUEZ
Ikasketak Getxoko Andrés Isasi eskolan eta Bilboko Juan Crisóstomo Arriaga eta Gasteizko Jesús Guridi Kontserbatorioetan egin zituen, eta aldi berean Deustuko Unibertsitatean historian lizentziatu. Biolontxelo-jotzailea izan da Santa Cecilia Ganbera Orkestran, Edinburgh University Music Society Symphonic Orchestran eta Euskadiko Gazte Orkestran. Madrilgo kontserbatorioan konposizioa ikasi zuen, baina ordurako hasita zegoen soinu bandak sortzen, eta hain juxtu pelikula, antzerki eta telesail ugariren musika sortzeagatik da ezaguna; berak konposatutako musika entzuten da besteak beste Lo imposible, El orfanato, 8 apellidos vascos eta Un monstruo viene a verme filmetan.