Sapere Aude Sinfonietta
ZUMAIAKO NAZIOARTEKO XXXVI. MUSIKA JAIALDIA
2020.08.02
19:30
ZUMAIENA ANTZOKIA
Sapere Aude Sinfonietta
ALAIN AYERDI, zuzendaria
Edward Elgar (1857-1934)
*Enigma Variations for Chamber Orchestra
(Arr: George Morton) [30´]
Sergei Rachmaninoff (1873-1943)
*Symphonic Dances for Chamber Ensemble
(Arr: Ian Farrington) [40´]
COVID-19ak sortu duen egoerak, programazioak egokitzera behartu du kasurik onenean, kontzertu honetan izan den bezala. Eta aldaketa horren ondorioz, XVI. mendeko ohitura batean murgildu gara: jatorriz talde haundi baterako idatzitako konposizioak talde txiki baterako edo tresna bakar baterako egokitzea. Geroago, klasizismoan, modan jarri zen obra sinfonikoak pianoarentzako egokitzea, eta horrela kontzertuan gozatu zutenek gozatzen jarraitu zezaketen beren etxeetan. Antzokietan arrakasta zuten opera-arietako orkestra-zatiak ere egokitzen ziren, baita kaleetan aritzeko ere, Harmoniemusik edo haize-instrumentuen taldeen eskutik. XIX. mendean mantendu zen moda honek beste dimentsio bat hartu zuen, Liszt edo Beethoven bezalako konpositore handiek teknika hori erabili zutenean. XX. mendearen hasieran, berriz, Schönberg-ek Vienan sustatutako Verein für musikalische Privaufführungen elkarte historikoan antolatzen ziren kontzertuetan musika garaikidea zabaltzeko moldaketa interesgarriak egin ziren. Moldaketa horiek gaur egun kontzerturako errepertorio gisa mantentzen dira.
Enigma bariazioak Elgarrek hurbileneko lagunei egindako erretratu intimoak dira, 1899an osatu ziren eta konpositorearen lan goraipatuenetako bat dira. G. Mortonek egindako obraren egokitzapen hau talde txikiarentzako dago antolatuta, baina, aldi berean, orkestra sinfoniko oso baten handitasunari eusten dio. Hasiera fin eta xumetik hasi, Nimrod epiko eta handienera arte, abiadura bizia duen amaierarekin. Orkestrazioaren helburua Elgarren jatorrizko lanaren distira eta berotasuna mantentzea da.
Rachmaninoffen Dantza Sinfonikoek konpositorearen estiloaren erromantizismo oparoa eta egitura zehatza eta energia erritmikoa konbinatzen dituzte. I. Farringtonen moldaketa honen helburua orkestra irudi oso bat sortzea da, talde txikiagotik abiatuta, Rachmaninoffen partiturako musika-tresnak bakarrik erabiliz. Banakako lerroen argitasuna entzuteak partituraren alderdi ezkutuak ezagutaraz ditzake, interpretazio eta entzumen-esperientzian intimitatea gehitu dezake, eta lan hau leku txikiagoetan eskaintzeko aukera eman dezake, … moldaketen jatorria den bezala.
ALAIN AYERDI GURPEGUI
Euskal Herriko Goi-mailako Musika Zentroan (Musikene) lizentziatua da tronboiko espezialitatean Juan Real, Dani Perpiñan eta Alberto Urretxo-ren eskutik. Tronboiko klase majistralak hartu ditu Alberto Urretxo (bakarlaria, BOS), Francisco Rosario (bakarlaria, Real Orquesta Sinfónica de Sevilla), Unai Urretxo (bakarlaria, Daejeon Orkestra Sinfonikoa, Hego Korea), Marc Templeton (Bakarlaria, London Philharmonic), Charles Vernon (Tronboi baxua, Chicago Symphony) eta James Markey (tronboi baxua, New York Phil.)-ren eskutik besteak beste. Euskadiko Gazte Orkestrako (EGO) titularra izan da eta Presjoven eta Leioako Gazte Orkestra bezalako taldeen kide izan da.
Mundu profesionalean Bilboko orkestra sinfonikoarekin (BOS) eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin (OSE) denboraldiko kontzertuetan, ABAOko operetan eta biretan (Japon eta Galizia) parte hartu du. Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin, Burgoseko Orkestra Sinfonikoarekin, Philarmonia de Bilbao orkestrarekin, Musikeneko orkestra pilotoan eta Bilboko banda munizipalarekin ere jo izan du hainbatetan. Gaur Egun Andoni Sierrak zuzendutako Conductus Ensemble ganbara orkestra eta Santa Maria Kaperako orkestren kide da.
Tronboi, bonbardino eta tubako irakaslea da Irungo Kontserbatorioan 2013. urtetik. Gainera, Errenteriako musika bandako zuzendari titularra da 2015. urtetik. Talde honekin zuzendu dituen kontzertuen artean Alberto Urretxo, Maite Arruabarrena, Miren Urbieta-Vega, Itziar Martinez, Ainara Ortega, Iñaki Salvador eta Arkaitz Mendoza solistekin egindakoak goraipatu daitezke. Hala nola, talde honekin kontzertu sinfoniko koralak egiteko aukera izan da, Andra Mari eta Easo koralak zuzendu dituelarik. Zuzendari gonbidatu bezela Sapere Aude Sinfoniettarekin Mahlerren 4. sinfonia zuzendu du, Klaus Simonsen ganbera bertsioan.
Kantuari dagokionez, lanbide mailako titulua lortua dauka Ainhoa Merzeroren eskutik, Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan. Ondoren Maite Arruabarrena mezzoarekin eta Carlos Mena kontratenorearekin landu du teknika. Bakarlari bezala Hernasax eta Arimaz orkestra taldeekin kantatu du, baita Dido eta Aeneas operan parte hartu Aeneasen paperean, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Europa Choir Academy (Mainz, Alemania) taldearekin lan egin du, Donostiako Orfeoiarekin abestu du, baita Coro Intermezzo, Coro de la Orq. Sinf. de Galicia eta Capilla Peñaflorida bezalako taldeekin kontzertu eta grabaketak egin ditu. Kup Ahots Taldeko partaide izan da 13 urtez eta Aequal Ensemble antzinako musikako ahots laukoteko sortzaile eta kide izan da. Duela 10 urtetik Musikeneko koru pilotoko partaide da eta Esteban Urzelaik Zuzendutako Suhar gizon koruko partaidea da. Hernaniko Kantuban gazte abesbatzako zuzendaria da 2019tik, Errenteriako Gabon sariketan lehenengo saria lortu zutelarik pasa den urtean.